Iraola eta Amorebieta

Larunbata Aza 15, 2008

“Euskal Selekzioak urtero gabonetan jokatzen duen partida Euskadi izenarekin egitekotan ez dugu parte hartuko”

Hori izan da gure jokalariek euskal federazioari eta euskal gizarteari egindako mehatxua, beraiek Euskal Herriarekin jokatu nahi dutelako.

165 euskal futbolarik sinatu dute lotsagarri den komunikatu hau, eta hori irakurrita eta ikusita jendean atsekabea, pena eta nahasmena sortaraztea da lortuko duten gauza bakarra.

Iaz, eta ia mende baten ostean lehenengo aldiz, gure talde nazionalak Euskal Herriaren izenean jokatu zuen Euskadi baztertuz, Euskal Futbol Federazioak jokalarien txantajea onartuz.

Aurten federazioan Euskadi izena berreskuratzea erabaki dute, eta jokalariek izan zitekeen erreakziorik kaxkarrena izan dute, boikota eta mehatxuak. Horren aurrean, jokalariei soilik galdera batzuk egin ahal zaizkie:

Euskal Selekzioan, EUSKADI izenarekin, Bixente Lizarazu, Pantxi Sirieix, Lapurtarrak, Patxi Puñal, Isma Urzaiz….nafarrak, gipuzkoarrak, arabarrak eta bizkaitarrak aritu dira. Hori al da autonomista eta baztertzailea den selekzioa?

Ba al dakite gure jokalariek, hain abertzale eta konpromisoz beteta daudenak, XX.mendean 40 urtetan zehar Euskadi esatea zigortuta zegoela eta Euskal Herria ez?

Espainiako selekzioak gure jokalariak deituz gero, zer esango dute? “Ni Euskalduna naiz eta euskalduna naizenez ezin dut talde atzerritar batekin jokatu” ala orain arte egin duten bezala “la roja” jantziz erantzungo dute?

Ba al dakite gure jokalariek federazioak direla herrialde guztietan futbola eta selekzioak antolatzen dituzten erakundeak?

Gu euskaldunak gara, guk euskal selekzio ofiziala nahi dugu, selekzio honen izena Euskadi dela sinesten dugu, baina argi daukaguna da Euskal Herria gure nazioa deitzeko beste era bat dela eta izen bategatik ez dugu inoiz deuseztatuko gure herriak burua altxatzeko daukan moduetako bat gizartearen gehiengoaren ilusioa zapuztuz.

Bukatzeko, 2 mezu jokalarientzat:

Hobe erakusten duzuen konpromisoa zuen taldean jarriko bazenute, (Athletic jaitsiera postuetan, Reala 2.mailan eta erdipurdi… ) eta zuen taldeak zaleek merezi duten postuetara igoko bazenituzte.

Eta bigarrenik, Andoni Iraola, Fernando Amorebieta, e.a., esaera bat dago Euskadin: “etxean otso, kanpoan uso”, Espainiarekin ilusioa, Euskadirekin boikota. Zuek jakingo duzue .

EUSKAL SELEKZIOA AURRERA!

2 Comments »

Ibon:

Noizko Euskal Herriko selekzio nazionala? (7 herrialdeetakoa)
Edo oraindik ez dugu nahi? Horrela ematen du behintzat.

Abendua 3rd, 2008 | 7:21 pm
Iosu:

Barkatu Ibon baina, Euzkadiko selekzioaren izenpean zazpi probintzietako jokalariek parte hartu izan dute.

Abendua 11th, 2008 | 10:53 pm
Leave a Reply

Comment