Giza eskubide urraketarik ez!!

Astelehena urt 28, 2008

Bizkaiko Euzko Gaztedik “giza eskubide urraketarik ez!” kanpaina abiarazi dau, urtarrila eta otsaila artean.
Gaur egungoa giro kutsatua izan arren, ingurune honetan ezin deikiogu uko egin Giza Eskubide guzti-guztiak errespeatu daitezan eskatzeari, ezelako bereizketarik egin barik; izan be, Giza Eskubideen Deklarazino Unibertsala ez da batzuek besteoi aintzatesten deutseguzan eskubideen zerrenda hutsa, corpus osoa baino, multzo eratu legez hartu eta ulertu behar dan corpusa alegia. Horrenbestez, ezin dogu multzo horretatik geuk gura doguzan eskubideak aukeratu eta apartau eta, aldi berean, barriz, komeni ez jakuzanak beste barik ezetsi.

Giza Eskubideak unibertsalak dira, gizon-emakume guztionak diralako, berez, eta era berean, besterezinak diralako; horrezaz ganera, Giza Eskubideak unibertsalak dira, gizon-emakume guztion eskubide guztiak Deklarazino horretan jasota dagozalako.Unibertsaltasunaren bikoxtasun hori ulertu eta aintzat hartu barik, ezinezko dogu Deklarazinoaren Hitzaurrearen lehenengo paragrafoan planteetan diran helburu horreek jadesteko falta jakun ibilbide luzean aurrera egitea; hain zuzen be, ondokoa dakar Hitzaurre horretan: ”…munduko askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarria giza familia osotzen daben kide guztion berezko duintasuna eta eskubide bardin eta besterenezinak aintzatestean datza”.Eskubide horreek urratzeak zuzenean erasoten dau giza duintasuna, eta zeharo ezetsi behar da, ezelako salbuespen barik.

Bizitzea oinarrizko eskubidea da, bizitza barik ezin daitekealako besterik izan; halan be, uste osoz eta kemenez, ezin deikiogu uko egin beste eskubide guzti-guztiak be errespeteteari, baldin eta, batik bat, gure jokaerea erakusbidetzat jarten badogu, gure buruak ganerakoen bizitza eta askatasuna errespetetako gauza ez diran pertsonakandik bereiziz. Izan be, barriketeak ez dau balio, egiteak baino.Talde antolatu batzuek bizitzeko eskubidea eta askatasun eskubidea erasotea zeharo onartezina da, eraso hori gizarte osoaren aurkako erasoa dalako; hori adierazo ondoren, esan behar da onartezinagoa dala Estatuko erakundeek beste giza eskubide batzuk urratzea, berbarako, herritarren osotasun fisikoa edo psikikoa.

Onartu lei, onartu, arestion aitatu doguzan eskubideak eskubide horreek baino garrantzitsuagoak dirala, hau da, bizitzea osotasun fisikoa baino inportanteagoa dala; halan eta guzti be, Estatuak eskubide horreek modu sistematikoan urratzeak edo arduradun politikoek eta epaileek egoera horren aurrean ezer ez esateak edota eskuak garbitzeak erabateko ezespena eragin behar leuke, ezelako zalantza barik; ezetsi ezeze, jarduketa horreek guztiak sakon ikertzeko be eskatu behar leuke gizarte honek, bai eta inoiz be gehiago halakorik ez gertatzeko behar diran neurriak hartzeko be. Azkenik, beste eskubide batzuk bermatzen dirala atxaki modura ipini eta pertsona batzuen eskubideak nahita eta jakinaren ganean urratzea giza eskubideak modu larrian erasotea da, goitik behera arbuiatu behar dogun itxurakeria ikaragarria dalako.

Leave a Reply

Comment