Indarkeriarik ez!

Asteazkena urr 10, 2007

Euzko Gaztedi – EGIk Abusu-La Peña auzoan 2007ko urriaren 9an gertatutako atentatua gaitzesten du idazki honen bidez. Halaber, leherketak zauritu zuen Gabriel Ginés bizkartzainari elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi nahi dizkiogu, baita bere senitarteko eta lagunei ere.

Euskal gaztedia (eta euskal gizartea oro har) nazkatuta dauka ETAk erabiltzen duen biolentzia era guztiekin. Gaur berriro ere exijitzen diogu borroka armatua behin-betiko utz dezan, izan ere, hori baita gizartearen gehiengoaren nahia (hainbestetan ETAk berak hizpide izan duen Herri horren nahia). Borroka armatua ez da bidea, biolentzia ez da bidea, xantaia ez da bidea, mehatxua ez da bidea, kale-borroka ez da bidea… Ideia guztiak defendatzeko bidea hitzean eta iritziak/babesak askatasunez metatzean datza, erakundeetan benetako politika egitean, horietan baitu ordezkaritza Herriak eta horietan erabakiko baitugu zer nolako etorkizuna nahi dugun.

ETA indarkeria eta jazarpen jarduerak nazkatu eta aspertu egiten gaitu, baina ez gara sekula isilduko. Beste behin ere emakumezko eta gizonezko ororen giza-eskubide guztiak aldarrikatu nahi ditugu oraingoan ere, eurekiko begirune osoa eskatuz. Giza-eskubide guztien artean oinarrizkoena, bizitza (erailketarik ez) duina (jazarpenik gabe). Giza-eskubideen jabetza ez da norbanakoaren ideologiaren menpeko.

Azkenengo egunetan ikusi dugu euskal gizartearen egoera larritzen doala pixkanaka. Alde batetik, Garzon epailearen makro-epaiketak; bestetik, kale indarkeriaren berragerpena. Orain, gainera, ekintza hauei ETAren atentatua gehitu behar zaio. Euskal gizarteak bakea nahi du, orain eta betirako! Baina bake hori heltzen ez den bitartean ez gara geldi izango: Herriak baitu hitza eta erabakia.

Guk, Euskal Herriko gazteok, ozen aldarrikatu nahi dugu ez garela inoiz terrorista gutxi batzuen nahietara makurtuko!

Bakea behar dugu gure bidean aurrera egiteko!

Leave a Reply

Comment