Ekologia:Beroketa edo hozketa globala?

Osteguna mar 1, 2007

Planetaren beroketa globala nazioarteko politikaren agendako gai garrantzitsuenetakoa da gaur egun eta, gizarte-eragilea askoren ustez, gaur egungo arazo nagusiena.
Nolanahi ere, zientzialarien artean borroka gogorra piztu da, iritzi berekoak ez diren bi sektore sortu direlako. Batetik, ustez nagusi den sektorea dugu, “politikoki zuzena”, eta beroketa global antropogenikoaren paradigmaren aldekoa da. Bestetik, gero eta ugariagoak diren zientzialari “eszeptikoen” taldea dugu, eta gertakari horri buruzko ikerketak zalantzan jartzen dituzte. Izan ere, baieztatu egiten dute ikerketa horien emaitzak zentzuzkoak ez direla eta ondorioak zehazteko erabilitako metodoak ere egokiak ez direla. Batzuk, ordea, haratago doaz eta XX. mendeko iruzur zientifiko handienaren aurrean gaudela salatzen dute. Betidanik, arinegi jokatu duten zientzialariak egon dira, nolabaiteko garrantzi politikoa duten arazo berriak sortu direnean ingurumenean balizko hondamendiak gertatuko direla adierazi dute-eta. Eguraldi-aldaketak dira jokabide horren adierazgarri. 70eko hamarkadan, bazirudien Izotz Aroa hurbil-hurbil zegoela. Bi hamarkadaren ostean, 80ko hamarkadaren amaieran, ordea, beroketa globalari buruzko iragarpen ikaragarriak ziren nagusi, eta, gaur arte, atzeraelikatu egin dira Nazio Batuetako Eguraldi Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldearen (IPCC)[1] lanaren, komunikabideen sentsazionalismoaren eta talde ekologista askoren erradikalismoaren ondorioz. Iritzi publikoak beroketa globalaren doktrinan itsumustuan sinesten duenez, gaur egun eztabaidaezina da ia-ia.

Azken hamarkadan, zientzialari askok, zorte handirik gabe, euren ahotsa eztabaida publikotik kanpo geratu dela salatu dute. Diskurtso ofizialaren ziurtasunaren aldean, eguraldiaren zientziako adituek oraindik konpondu gabeko arazo asko daudela adierazten dute eta apaltasunez onartzen dituzte euren ezjakituria eta ziurgabetasuna. Era berean, batzuek beroketa global antropogenikoa mitoa baino ez dela baieztatzeko besteko ausardia dute. Orain dela hilabete gutxi batzuk, esate baterako, Errusian Kiotoko Protokoloari buruz egindako mintegi batean, Illarionovena bezain testigantza eztabaidagarriak entzun ziren: “Funtsean, Kiotoko Protokoloan egindako baieztapenak eta protokoloaren oinarri den teoria ‘zientifikoa’ ez daude benetako datuetan oinarrituta. Gertaera eta egoera larriak ez dira oso ohikoak. Uholdeen eta lehorteen kopuruak ez du gora egin. Ikusten dugunez, zenbait eremutako ekaitzetako haizearen abiadura jaitsi egin da, Kiotoko Protokoloaren alde daudenek aurkakoa adierazten badute ere. Gaixotasun kutsagarrien eragina ez da handitu, eta, zertxobait ugaldu badira ere, ez du inolako zerikusirik eguraldiarekin. Tenperaturaren igoeratxoak ez dira eragile antropogenikoen ondorioa, planetarekin eta Eguzkiaren jarduerarekin zerikusia duten eragile naturalen ondorioa baizik. Ez dago karbono dioxidoaren mailaren eta tenperatura-aldaketen arteko lotura egiaztatzen duen nabaritasunik. Horrelako loturarik egonez gero, alderantzikatutako naturaz ari gara. Bestela esanda, karbono dioxidoak ez du inolako eraginik Lurraren tenperaturan, guztiz kontrakoak baizik: tenperaturaren gorabeherak Eguzkiaren jardueraren ondorioz sortzen dira, karbono dioxidoaren kontzentrazioan eragina duelako.”

Horrez gain, Illarionovek beroketa globalaren doktrina ofizialaren eta Kiotoko Protokoloaren oinarri ideologiko eta filosofikoak kritikatu zituen: “Oinarri ideologiko hori gizakiarekiko gorrotoaren aldeko ideologia totalitarioarekin alderatu daiteke, eta, zoritxarrez, XX. mendean bizi behar izan genuen; esate baterako, Nazional Sozialismoa, Marxismoa, Eugenesia, Lysenkoismoa[2]… Munduan informazioa desitxuratzeko dauden metodo guztiak teoria horien baliotasun aldarrikatua frogatzeko erabili dituzte: informaziorik eza, faltsukeria, asmakeria, mitologia, propaganda… Izan ere, eskaintzen digutena mitotzat, zentzugabekeriatzat, astakeriatzat eta burugabekeriatzat hartu besterik ez dugu.” Azken gertaerok zientzialarien arteko borroka gogor-gogorraren adierazgarri baino ez dira, eta, konpondu beharrean, egunez egun areagotzen ari da. Badago inork zalantzan jartzen ez duen ziurtasunik: eguraldia etengabe aldatzen da. Horrelaxe izan da beti eta inork ez du auzitan jartzen aurrerantzean ere horrelaxe izango denik. Ia-ia gainerako guztia, ordea, eztabaida zientifikoaren arloan dago oraindik… Dena den, zertaz ari gara beroketa globala aipatzen dugunean? Zientziaren ikuspegitik, lurrazalaren eta/edo troposferaren, hau da, beheko atmosferaren batez besteko tenperaturaren igoera da, planeta-mailan. Jende gehienak, ostera, gizakiek berotegi-gasen igorpenaren bidez eragindako “planetaren beroketaz” ari garela uste du[3]. Egia esan, Lurra, unibertsoko gainerako planetak bezala, etengabe hozten ari da, duela 4,5 milioi urte inguru sortu zenetik. Hain zuzen ere, hozteko prozesu geldo horrek azaltzen du planetaren geodinamika osoa (plaken tektonika, orogenesia…). Lurreko atmosferari dagokionez, bere tenperatura globala inoiz iraunkorra izan ez dela nabarmendu beharra dago. Milioika urtean zehar, Lurrean 80.000-100.000 urteko iraupena izan duten izotz-aroak egon dira, bai eta 10.000 urte inguruko iraupena izan duten glaziazioarteko aldiak (beroak) ere. Aldi bero horietan ere, tenperatura igo eta jaitsi egiten da.

Glaziazioaldiak eta glaziazioarteko aldiak ez dira inoiz atmosferako CO2 kontzentrazioaren aldaketen ondorioz sortu –dena dela, badirudi tenperatura-aldaketek CO2 kontzentrazioa aldatu dutela, izotz-aroetan CO2 kontzentrazioa murriztu eta aldi beroetan handitu egin dutelako; hala ere, atzerapena handia izan da tenperaturaren igoerari dagokionez–. Tenperaturaren gorabehera horien erantzule nagusia Eguzkia izan da, duela gutxira arte bere eragina gutxietsi egin bada ere.

Tenperaturak planeta-mailan neurtzeko edo ebaluatzeko zenbait metodo daude:

  1. Tenperatura globalak zenbatesteko, lurrazaleko tenperatura neurtu daiteke munduan zehar jarritako milaka estazio meteorologikotan.
  2. Mundu zabaleko tenperaturak zeharka ere ebaluatu daitezke. Horretarako, lakuak eta ibaiak zer egunetan izozten edo desizozten diren hartzen da kontuan, glaziarren aurrerakuntza edo atzerakuntza neurtzen da edo antzeko beste metodo batzuk erabiltzen dira.
  3. Troposferaren tenperatura zunda-baloien –baloi meteorologikoen– bidez neurtu daiteke. Epe luze samarrean, zunda-baloiak leku askotatik jaurtitzen badira, beheko atmosferaren tenperatura-aldaketen zenbatespen egokia lortu daiteke.
  4. Sateliteek planeta osoko tenperaturak neurtu ditzakete. Sateliteok mikrouhinak neurtzeko unitateak –Microwave Sounding Units edo MSU– erabiltzen dituzte tenperaturak zehazteko. 1979. urteaz geroztik, satelite bidezko tenperatura-neurketa onak daude.

Orain dela gutxira arte, beraz, munduan zehar jarritako estazioetan jasotako informazioaren batezbestekoa egitea zen Lur osoko tenperatura zenbatesteko jarduera egokiena. Hala ere, neurketa horiek oso-oso zehaztugabeak dira, euren estazioak edo erregistroak behar bezala artatzen ez dituzten herrialde azpigaratuetatik datozelako gehienak. Horrez gain, beste bi arazo sortzen dira lurrazalean jasotako informazioaren inguruan.

Lehenengo eta behin, ia-ia estazio guztiak lehorrean daude kokatuta, planetaren hiru laurdenak urez estalita badaude ere. Itsasoan tenperatura-sentsoredun buia gutxi daudenez, eremu zabal horietan lortutako tenperaturaren zenbatespena ez da batere fidagarria. Gertakari hori oso adierazgarria da hegoaldeko hemisferioan, %90 ozeanoa da-eta. Bigarrenez, hiriak garatu eta hedatu egin direnez, tenperaturak neurtzeko estazio asko “bero-uharteetan” daude sartuta, eta inguruko beste eremu batzuk baino askoz beroagoak dira. Gaur egun, zientzialari bakar batek ere ez du zalantzan jartzen planetaren tenperatura zehaztasunez neurtzeko modu bakarra Lurra orbitatzen duten sateliteen sentsoreak erabiltzea dela. Dena dela, 1979an neurketak egiten hasi zirenetik sateliteek erdietsitako emaitza harrigarriek oso gutxitan izan dute oihartzuna beroketa globalari buruzko diskurtso ofizialean. Ohiko neurketen arabera, Lurreko atmosferaren batez besteko tenperatura zertxobait igo da XX. mendean, 0,6 ºC inguru, hain zuzen ere. Zunda-baloien eta sateliteen informazioaren arabera, ordea, lurrazaleko neurketa zuzenek adierazitakoa baino askoz gutxiago igo da. Zientzialari batzuek, gainera, azken bi hamarkadotako gehikuntza txiki horren esangura estatistikoa jartzen dute zalantzan, 0,1 ºC ingurukoa da-eta. Egia esan, Nature aldizkarian argitaratu berri den azterlan batek (P. Doran et al., 2002. Antartic climate cooling and terrestrial ecosystem response. Nature 415: 517-520) egiaztatu egin du Antartidako bailara polar mortuetan neurtutako airearen tenperaturak 0,4 °C inguru jaitsi direla 1986tik 1999ra.

Gero eta azterlan gehiagok erakusten digute tenperaturen joerak desberdinak eta kontrajarriak direla planetako zenbait lekutan. Hori dela eta, tenperatura globalak zenbatesteko muga metodologikoak kontuan hartuta, gero eta zientzialari gehiagok “beroketa globala” esamoldearen zentzua bera ere jartzen dute kolokan. Ziurgabetasun handienari, berriz, ezer gutxi erreparatzen diogu, berari buruz oso gutxi dakigulako, agian. Euriaz ari gara. Hain zuzen ere, ur-lurruna –Lurreko berotegi-gas garrantzitsuena– atmosferatik kentzen duen prozesu bakarra da. Ur-lurruna berezko berotegi-efektuaren %80-%90 denez, ezinbestekoa da ulertzea zeintzuk diren atmosferan daukan oreka-balioa zehazteko prozesuak eta nola aldatu litezkeen CO2-ren gorakadak eragindako ustezko beroketaren ondorioz. Ur-lurrunean, lurrazaletik kendu diren bero-kopuru handiak daude. Eguraldiaren sistema guztiek bero hori berriro banatzen dute, eta, horretarako, planetako eremu beroenetatik hotzenetara eramaten dute.

Gaur egun, inork ez daki ziur nolako eragina izango lukeen ustezko beroketak eguraldi-sistema zabal bezain korapilotsuetan –zirkulazio ozeanikoa, zirkulazio atmosferikoa, hodeiak, euria…–. Oraindik ere, arlo horietako ezagutza zientifikoa, planeta-mailan, oso txikia denez, sektore kritikoko zientzialari askoren iritziz Lurraren erantzuna beroketarako joera handitzea izango dela sinestea fede-kontua baino ez da… doktrina ofizialean. Edonola ere, XX. mendean lurrazalaren beroketa esanguratsua gertatu ahal izan dela onartuta, honako galdera hau da giltzarria: “gizakiek igorritako berotegi-gasek eragiten ote dute balizko beroketa global hori?”

Erregistro geologikoak adierazten duenez, eguraldiaren gaineko konstante bakarra aldaketa bera da. Orain dela gutxi, zientzialariak ados jarri dira, aldagarritasun-eredu finkoa dagoela eta, berezko aldaketetatik aparte, eredu horren ondorioz planeta hoztu egiten dela esatean. Lurraren historiaren zati handienean (%90), baldintzak gaur egunekoak baino askoz beroagoak ziren. Orain dela bi milioi urte, basoak Ipar Poloraino iristen ziren ia-ia. Nolanahi ere, azken 1,6 milioi urteok askoz hotzagoak izan dira, eta, aldian-aldian, garai hotzak eta beroak tartekatu dira, glaziazioarteko aldiak, hain zuzen ere. Hona hemen, besteak beste, eguraldi-aldaketa gogor horien eragileak: kontinenteen jitoak, ozeanoa/atmosfera zirkulazioaren aldaketak, Lurraren orbitak Eguzkiaren inguruan dituen berezko oszilazioak –Milankovitchen zikloak[4]– eta Eguzki-jardueraren aldaketak. Zenbait zenbatespenen arabera, tenperatura globalak 2 °C inguru jaitsi dira azken 5.000 urteotan, latitudearen arabera: eskualde artiko batzuetako jaitsiera 6 °C-koa izan da, latitude txikiagoetako 0,5 °C inguruko murrizketatxoaren aldean. Historialarien esanetan, giza historia Izotz Aroaren itzalpean bizi izan da. Hain zuzen ere, giza zibilizazioa aldi beroenetan loratu zen.

Aldi hotzetan, ostera, lehorte, gosete, gerra eta gaixotasun gehiago zeuden. XX. mendean gertatutako tenperatura-aldaketak kontuan hartuz gero –sasoi horretan baino ez dago erregai fosilen erabileraren ondorioz sortutako beroketari buruz hitz egiterik–, joera desberdinak dituzten hiru aldi bereizten ditugu. Lehenengo eta behin, 0,5 ºC-ko hasierako beroketa dugu, eta XIX. mendearen amaieran hasi eta 1940. urtean iritsi zen gehienezko mailara. Ondoren, tenperaturek behera egin zuten 70eko hamarkadaren amaierara arte –hamarkada horretan, Glaziazio Aro Laburraren dogma zen nagusi–. Amaitzeko, beste beroketa-aldi bat dugu 1976tik 1986ra, eta horren osteko gehikuntza oso txikia izan da. Agerikoa denez, joera horiek ez dute inolako zerikusirik ez baliabide fosilen kontsumo-adierazleekin ez horren ondorioz sortutako CO2 ekoizpenarekin. Horren ondorioz, sateliteek neurtutako tenperatura atmosferikoak ere gainazalean neurtutakoak beste handitu ez direla kontuan hartuta, planetaren beroketa “hondagarriaren” aldekoek zartako galanta jaso dute. Gauza bera gertatzen da aurkikuntza berriarekin, Hego Poloko tenperaturak igo beharrean jaitsi egin direla adierazi dute-eta. Hori dela eta, oso-oso zaila da zenbatestea, ezinezkoa ez esatearren, XX. mendean antzemandako beroketa txikiaren zenbateko zatiak izan duen jatorri antropogenikoa. Baliteke beroketaren zati bat berotegi-gasen gehikuntzaren ondorioz sortu izana. Dena den, urtero atmosferan sartzen diren berotegi-gas naturalen proportzioa giza jarduerek sortutako gasak baino askoz handiagoa da –zenbait magnitude-ordena–. Nabaritasun zientifikoak, berriz, inolako zalantzarik gabe frogatzen du Eguzkiaren jarduera betidanik izan dela lurrazalaren tenperatura-aldaketen –eta, seguruenik, azken 10.000 urteotan gertatutako eguraldi-aldaketa guztien– eragile nagusia. Egia esan, Eguzkia punta-puntan egon da aurreko 60 urteetan, baina Lurraren tenperaturetan duen eragina orain dela gutxira arte arbuiatu egin da ofizialki.

Science aldizkariko editoreek (Editors’ comment 2002. Areas to watch in 2003. Science 298: 2298), ordea, duela gutxi azpimarratu dute gero eta argitalpen gehiagok aipatzen dutela Eguzkiaren jarduera ugaria dela eguraldi-aldaketaren eragile handia: “Iraganeko eguraldiaren erregistroan Eguzkiaren distiraren gorakadarekin eta beherakadekin bat datozen gorabehera gehiago eta gehiago agertzen diren neurrian, ikertzaileek gogo txarrez eta serio onartu behar dute Eguzkia eguraldi-aldaketaren eragilea dela. Azken 100 urteotako beroketa simulatzeko zenbatespenetan, Eguzkiaren aldagarritasuna hartu dute kontuan. Antza denez, Eguzkiak zeresan handia izan du lehorteen eta hozteen sorreran.” Eguzki-jardueraren aldagaia azken bi mila urteotan aztertuz gero, litekeena da eguraldi hotzeko garai luzea etortzea eta 2030. urtean[5] une hotzenera iristea. IPCCren espekulazioetan oinarritutako doktrina ofizialak, berriz, beste iritzi bat du gizakiek eragindako beroketa globalari buruz, hurrengo ehun urteetan 6 °C inguru igoko dela adierazten du-eta. Hotzaldiaren inguruko iragarpena egiaztatuz gero, Lurreko atmosferan pixkanaka-pixkanaka gertatutako edozein beroketa abantailatsua izango litzateke, glaziazioaldi berriaren hasiera atzeratu edo, gutxienez, bere gogortasuna murriztu lezake-eta. Hona iritsita, beste galdera bat egin behar diogu geure buruari: zehaztasun zientifikoa ote dute beroketa globalaren epe labur eta luzerako ondorioen inguruan egindako iragarpen ikaragarriek?

Adituek ateratako ondorioen arabera, ez dago inolako nabaritasun fidagarririk eguraldi-aldaketek Lurrean ondorio hondagarriak izango dituztela egiaztatzen duenik. Izan ere, 17.000 zientzialari inguruk bere garaian sinatu zuten adierazpena, Kiotoko Protokoloko diskurtso hondagarriaren aurka zeudela azaltzeko eta atmosferaren beroketa gizakien eraginez sortu dela ukatzeko. 17.000 sinatzaileen artean, 2.660 fisikariak, geofisikariak, klimatologoak, ozeanografoak eta ingurumeneko zientzialariak ziren. Beste 5.000 inguru kimikan, biokimikan, biologian eta bizitzako beste zientzia batzuetan berezitutako zientzialariak ziren. Herriak ondo baino hobeto onartu dituen mitoetako baten arabera –inolako zalantzarik gabe, prozesu horretan zeresan handia izan du Greenpeace-k gai horren inguruan duen zaletasuna–, poloak urtzen ari dira eta itsas mailaren hazkuntzak kostaldeak urperatuko ditu. Hori guztia, ostera, ez da egia. Itsas mailak berez hazi dira azken Izotz Aroaren amaieratik, eta gertakari hori ez da azkartu azken urteotan. Harrezkero, mailak 120 metro baino gehiago igo dira eta, gaur egun ere, 18 cm inguru hazten dira mendeko. Hazkuntza-tasa hori ez da handitu 1900-1940 urteen arteko beroketa-aldian. Era berean, ez zen inolako murrizketarik egon eguraldia 1940-1975 urteen artean hoztu zenean. Itsas mailak gora egin du Antartidako izotzezko estaldura astiro-astiro urtzen ari delako.

Prozesu hori duela 18.000 urte hasi zen, azken Gehienezko Glaziazioaren ostean. Informazio geologikoa kontuan hartuta, baieztatu egin daiteke milaka urteko eskala bateko tenperatura-aldaketak baino ez luketela eragina izango tasa horretan. Eguraldiaren gorabeherek hamarkadak edo ehunka urte irauten dutenez, laburregiak dira desizozketa-tasak eragin nabarmena izan dezan. Zenbatespenen arabera, izotz-geruza horiek beste 5.000-7.000 urte emango dute desizozten harik eta desagertu arte. Horrela, bada, beste izotz-arorik agertzen ez bada, itsas mailak handitzen jarraituko du eta gizakiek ez dugu ezer egiterik. Era berean, oso garrantzitsua da ulertzea itsas mailak ez direla izotz polarren desizozketaren ondorioz aldatuko. Hain zuzen ere, gauza bera gertatzen da urez betetako edalontzi batean izotz-zatitxoak urtzen direnean, urak ez duelako gainez egiten. Antartikoko eta Groenlandiako lehorreko glaziarretako izotz-kopuru handiak urtzen direnean baino ez lirateke igoko itsas mailak kostaldeak urperatzeko beste. Duela 5.500 urte ez zen halakorik gertatu, Lurra gaur egun baino hiru gradu beroagoa bazen ere. Era berean, ez dago inolako nabaritasunik 90eko hamarkadan izotz-geruza mehetu egin dela adierazten duenik. Ipar Poloko informazioa kontuan hartuta, izotzaren batez besteko lodiera zertxobait handitu da, eta Beaufort itsasoa, aldiz, zertxobait mehetu da. Hala ere, ez bata ez bestea ez dira adierazgarriak. Antartidako mendebaldeko izotz-geruza erraldoiak ozeanoen maila 6 metro inguru igotzeko beste ur dauka, eta ez dago desizozten, hazten baizik. Antartida gero eta hotzagoa denez, izotz-geruzak hedatu egin dira, 26,8 mila miloi tona urteko, hain zuzen ere. Bestetik, IPPCk eguraldi-aldaketari buruz egindako iragarpenak Zirkulazio Orokorreko Ereduetan (ZOE) oinarrituta daude, batez ere.

Eredu horiek ekuazio diferentzial ez-linealetan daude oinarrituta, eta, horien arabera, Lorenzek 1961ean onartu zuen epe luzerako iragarpenak ezinezkoak direla, atmosferak sentsibilitate handi-handia duelako hasierako baldintzekiko. Iragarpen-maila egun gutxikoa denean, gaur egungo metereologia atmosferaren egoera tokian-tokian fidagarritasun handiz iragartzeko gai ez bada, oso barregarria da horrelako baieztapen biribilak egitea iragarpenetan planeta-maila espaziala eta hamarkadatako zein mendetako denbora-maila kontuan hartzen direnean. Eztabaida ugari sortzen dituen egoera horren aurrean, honako galdera hau egin beharra dago amaitzeko: nola egon daitezke hain aurkakoak diren jarrerak zientzialarien artean? Zientziak zerikusi handia du suposizioekin. Hori dela eta, ondorio zientifikoak baliozkoak izan daitezen, suposizio horiei eutsi behar zaie. Era berean, aitortu gabeko suposizio gehigarriak daude, eta, sarritan, zientzialariek eurek ez dakite zeintzuk diren. Eguraldiaren zientzia bezain korapilotsuak diren gaietan, suposizioak dira nagusi. Horrez gain, zientzialariak ez dira egiaren bilatzaile inpartzialak, jendeak uste duen bezala. Zientzialariek euren agendak, filosofiak, aldez aurretik pentsatutako nozioak eta gustuko teoriak dituzte. Azkenean, ikuspegi horiek guztiek eragina dute euren zientzian. Errealitate horrek zientziako edozein arlotan baino eragin handiagoa du beroketa globalaren teorian. Funts-funtsean, beroketa globalaren doktrina adimenaren eta zientziaren aurkakoa da erabat, ziurtasunaren bila eztabaida gutxiesten duelako. Benetako zientziak, ostera, ziurgabetasuna eta eszeptizismoa izan behar ditu oso kontuan. Bestetik, zientzialari asko euren artean lehiatzen dira, finantziazio-iturriak oso eskasak direlako. Horrez gain, komunikabideek eta gobernuak arlo horretan interes handia dutenez, euren ikerketak nola edo hala lotu behar dituzte beroketa globalarekin, saltzean erakargarriak izateko. Horren ondorioz, ahal duten guztietan, beroketa globalari buruzko aipamenak egiten dituzte, ikerketa-lerro horrekin zerikusi gutxi duten emanaldiak badira ere. Beroketa globalaren eszeptikoek lotura hori egiterik ez dutenez, ez dute alarmistei aurre egiteko ezkutuko pizgarririk. Are gehiago, gehienek askoz diru gehiago jasoko lukete, beroketa globalaren aldeko teoria hedatuena babestuko balute.

Egile batzuen iritziz, beroketa globalaren inguruko sinesmenak sustrai teologikoa dauka. Historiaren hasieratik, hondamendi naturalengatiko errua geure gain hartzeko joera izan da nagusi. Uholdeak eta suak, lehorteak eta hondamendiak jainkoen haserrearen adierazgarri ziren, eta gizakiak ziren haserre horren eragileak. XVII. mendeko kronikak gizakien bekatuen ondorioz galdutako uztei eta sortutako izurriteei buruzko kontakizunez beteta daude. Gaur egun, materialismoa eta aurrerapena omen dira gure bekatu nagusiak. Horra hor beroketa globalaren tesi hondagarrienaren alde egiten duen diskurtso ekologistaren giltzarria. Arrazionalismo zientifikoa gaur egungo politiken osagai garrantzitsua denez, ezinbestekoa da politikariek eta politikagileek jasotako informazioa ezagutza zientifikoaren ebaluazio orekatuan oinarritzea eta, ez, komunikabideek merkataritzako arrazoi eta interesen ondorioz sortutako herri-sinesmenean. Zintzotasuna eta gardentasuna behar-beharrezkoak dira politika publikoaren independentziari eta osotasunari eusteko. Jendeak zientzialarietan sinesten ez badu, politikan gezurrezko interesak izango dira nagusi. Beraz, premiazkoa da zientzialariek eta gizarte-eragileek arduraz jokatzea beroketa globalari buruzko ezagutza zientifikoak zabaltzeko orduan, harik eta ziurgabetasun-maila gutxitu arte, behintzat.

(1) Eguraldi Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldea ingeleseko siglen bidez da oso ezaguna (IPCC). Munduko bazter guztietako 2.500etik gora zientzialarik osatutako taldea da, eta Lurraren eguraldiari buruzko txosten luzeak idazten dituzte. Hala ere, IPCCko funtzionario politikoek (ez zientzialariek) idazten dute “Politikagileentzako laburpena” (Summary for Policymakers), eta, oro har, ez du ia-ia kontuan hartzen zientzialariek emandako informazioa.
(2) Lysenkoismoa Errusiako zientzian gertatutako jazoera baten ondorioz sortu zen. Trofim Denisovich Lysenko (1898-1976) ez zen zientzialaria, landare-hazlea baizik. 1948. urtean SESBn egindako bilera batean, hitzaldi sutsua eman zuen, eta, bertan, pentsaera mendeltarra ‘atzerakoia eta ahula’ zela salatu zuen. Horrez gain, pentsalariok ‘herri sobietarraren etsaiak’ zirela adierazi zuen. Lysenkoren eraginpean, zientziak –biologiak, batez ere– ez zuen teoria frogagarrienen gidaritzarik eta behar bezala kontrolatutako saiakuntzen babesik izan, nahierako ideologia zelako nagusi. Zientzia estatuaren zerbitzura zegoen edo, hobeto esanda, ideologia ofizialaren zerbitzura. Emaitzak agerikoak izan ziren: Sobietar Batasuneko biologiaren hondamendi etengabea. Lysenkoren ahaleginei esker, batez ere genetika-arloan balio handikoak ziren zientzialari asko eta asko gulagetara bidali zituzten edo, kasu onenetan, emigratu egin zuten. Sobietar Batasuneko zientzialariek ez zituzten Lysenkoren metodoak gaitzetsi 1965. urtera arte, hau da, Stalin hil zenetik hamarkada bat baino gehiago igaro zen arte.
(3) Uhin luzeko erradiazioak xurgatzen dituzten gasak dira, hau da, planetak jasotzen duen beroa gehi lurrazaletatik igortzen den beroa. Gasok atmosferan ez baleude, Lurra masa izoztua izango litzateke, gaur egun baino 35 ºC hotzagoa, hain zuzen ere. Lurreko berotegi-gas nagusia ur-lurruna da. Gizakiek igorritako berotegi-gasak karbono dioxidoa (CO2) eta metanoa (CH4) dira, eta, beroketa globala dela-eta, kezka handia sortzen dute. Hozgarri batzuek ere nolabaiteko eragina dute beroketa globalean; esate baterako, gas kloro-fluoro-karbonatuak (CFC). Hala ere, gaur egun badakigu euren eragina eskasa dela.
(4) Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbitaren arabera, eguraldiaren aldagarritasuna egonkortu edo areagotu egiten da. Bi orbita-mota daude: bata biribilagoa da; eta bestea, askoz eliptikoagoa. Azken orbita horrek eguraldi-ezegonkortasun handiagoa sortzen du. Neurketa astronomikoak kontuan hartuta, orbita-mota batetik beste motarako iragaitza 100.000 urtean behin gertatzen da.
(5) Gaur egun, badakigu Lurreko eguraldi hotzekin bat datozen Eguzki-jardueraren Gleissberg zikloko 80-90 urteko gutxienekoek lotura tinkoa dutela 83 urteko ziklo batekin, Eguzkiaren errotazio-mugimendua Eguzki-sistemako masa-gunearen inguruan bultzatzen duen errotazio-higiduraren aldaketan. Ziklo horren etorkizuneko norabidea eta bere zabalkuntzak ordenagailu bidez simulatu daitezke, eta 2030. urteko eta 2200. urteko Gleissberg gutxienekoak Maunder gutxienekoaren antzekoak izango direla iragarri daiteke. Hori dela eta, Lurra ikaragarri hoztuko litzateke. Eguraldiaren zientziako zenbait adituren ustez, iragarpen hori benetakoa izan daiteke, eredu beraren bitartez Eguzkiaren orbita-higidura ziklikoan oinarritutako epe luzerako eguraldi-gertakarien beste iragarpen batzuk zuzenak izan direlako –esate baterako, Niño gertakariaren azken hiru ekitaldien iragarpena, jazo baino zenbait urte lehenago– (T. Landscheidt, 2003. New Little Ice Age instead of global warming. Energy and Environment 14: 327-350).

Leave a Reply

Comment