Gazte eta errebelde!

Ostirala eka 20, 2008

Maitane Leizaola (Deia)

Errebeldeak, protestazaleak, konformagaitzak, berritzaileak, ekimenekoak, prestatuak, anbiziodunak… horrenbeste dira gazteei ematen dizkiguten adjektibo, topiko, betebehar eta debozioak, zorabioa etortzen zaidala.

Alderdi politikoekaz eta beste kontu anitzegaz gertatzen den bezala, denborak aurrera egin ahala badirudi gazteen gaineko irudi desitxuratua sortzeko joera dugula.

Sinestezina da zenbat eskatzen diguten, zenbatetan entzun behar dugun zer egin behar dugun, nolakoak izan behar garen, dauzkagun aukerak, bizi garen moduan bizitzeagatik dugun zortea… baina aldi berean harrigarria egiten zait gizarte kontzientzian orokorrean sorrarazten dugun sinesgarritasun eskasa.

Orain egun batzuk oso jende anitzarekin egoteko aukera izan nuen. Oso adin ezberdineko emakume eta gizonak azken 25 urteotan bizi izandako eboluzioaren gainean mintzo ziren, hurrengo 25 urteetan espero zitekeenaz bezalaxe.

Aukera hori aprobetxatzen saiatu nintzen, jende horrek gazteriaren gainean zuen iritzia ezagutzeko, eta harritu ere egin ninduen gehienek orokorrean gazteriaren gainean oso iri- tzi ezkorra zutela ikusteak, eta, aldiz, solaskideek beren etxekoen borondatea zorrozki nola defendatzen zuten entzutea. "Zorteduna naiz!", zioten, "nire semea, biloba… pertsona onak dira, langileak, etxeko lanak egiten dituztenak, ikasle finak… formalak". Bizipen pertsonal onak dituzte, baina, hala eta guztiz ere, gazteriak orokorrean sorrarazten dien iritzia negatiboa da positiboa baino.

Guzti hori, gure gizarte honetan bizi dugunaren isla da. Topiko negatiboetarako joera dugu. Ziurrenik, beste eremu batzuetan gertatzen den moduan, gazte talde batzuk jarduera negatiboei, suntsikorrei, tolerantziarik gabekoei… uztarturik agertzen direlako izango da, eta euskal gazteriaren irudia bere egiten dute.

Seguraski hedabideek gazteriari emaniko tratamendua ez da laguntza handikoa, baina hori logikoa da, eskandalua, sentsazionalismoa eta morboa bakarrik albiste diren gizartean bizi garelako.

Aitzitik, egia da modu berean gu garela, gizarte masa gazte handia dala, neurri baten, hori gertatzea ahalbidetzen dugunak. Parte-hartzerik ez dugula, guztiaz paso egiten dugula, gertatzen denaren gainean interesik ez dugula, esku hartzen ez dugula esaten dutela… onartzen dugu, nahiz eta errealitatea beste bat izan.

Boluntario gehienak gazteak dira. Egunero boluntario eran jarduera ezberdinetan beren denbora libre gehiena jartzen duten gazteak ezagutzeko aukera dut; aisialdiko begiraleak dira, udalekuak antolatzen dituzte, kanpamenduetako arduradunak dira, beren auzoetako bizitza dinamizatzeko jardueratan murgildurik dabiltza, eskolako curriculumetik kanpo hezkuntza lanetan parte hartzen dute, eta garatzeko bidean dauden herrialdeetan laguntza proiektuetan laguntzen dute. Itzalean egiten diren lanak dira, propagandarik gabe, eta ziurrenik ez ditugu behar bezala balora-tzen, faltan botatzen diren arte. Positiboak izan arren, ohikotzat jotzen dugun guztiarekin gertatzen den moduan.

Eremu birtuala blogez, foroz, txatez, eta abarrez josita dago, azken batean, batez ere gazteek esku hartzen duten iritzi eta partehartze eremu berriez. Artearen eta kulturaren abangoardian gazte baliotsuak daude, eta Euskadiko ekimenen tasa goraka doa, funtsean gazte askoren ekimenari esker.

Ondorioz, ez da egia gazteek parte hartzen ez dutela. Hobe litzateke esatea interesgarri zaien horretan parte hartzen dutela. Horrexegaitik gizarteak ezin ditu bere lehentasun eskalara behartu. Interesak, formak, moduak, edukiak eta estetika, guztia da liluragarria eta anitza gizarte gazteaz hitz egiten dugunean.

Euskal gizarteak ezin du onartu hitzaren indarra aldarrikatu arren, unibertsitate publikoaren egoitza hondatzen duten horiekin, edota botiloia egiten dutenekin edota zaborron-tziak erretzen dituzten horiekin identifika- tzea bere gazteak. Errealitate hori ezin da ukatu, baina garrantzitsuagoa den beste bat ere bada, ugariagoa, ekoizpen handiagokoa eta nabarmenki baliotsuagoa: Hain zuzen ere, zorionez, gazteriak errebelde izaten jarraitzen duela, parte-hartze modu tradizionalen aurka egiten duela, klixeetatik ateratzen dela eta ezarri nahi dieten uztaitik igarotzeari ezezkoa ematen diola.

Gazteak originalak dira, bai funtsean zein formetan, eta hori da etorkizuna eraikitzeko orainari, egunez egun, begi kritikoaz begira-tzen dion giza talde honen aberastasunik handiena.

Errebeldeak, konformagaitzak, originalak, errebindikazio zaleak… gara; besterik gabe, gazteak gara.


Inguru-giroa

Asteartea eka 10, 2008

Txikitatik natura oso garrantzitsua dela erakutsi nahi izan digute ikastolako gure lehen urteetan bizitzara loturiko hainbat gauza irakasten saiatzen dira maisu eta andereñoak. Horrela esaldi, hitz eta hizkuntzez gain, naturako hainbat gauzei buruz zerbait gehiago ikasi genuen, adibidez urtaroak.

Izan ere, gaur egun urtaroak noiz diren buruz dakizkigulako ohartzen gara,eta beharbada eguraldiaz gain arbolak, loreak eta naturako beste hainbat elementu aldatzen direlako,bestela askok esaten duten moduan, gaur negua eta bihar uda izan daiteke eguraldian oinarritzen bagara.Egunero sorpresa berriak ekartzen dizkigu eguraldiak eta bera da mundu honetan protagonista nagusia, nahiz eta asko horretaz ohartu ez.
Nondik ateratzen ditugu guk gure eguneroko beharrezko gauzak? Ingurugiroa da guk behar ditugun gauzen iturri bakarra eta bide batez, gure hondakinekin betetzen dugun isurtegi bakarra ere bai. Kontraesan handia dirudi,baina egi osoa da.

Aste bete ez da igaro naturak sorpresa bat eman zigunetik. Gehiengoarentzat etsipen eta ezin izan da, baina oparia denontzat ere bai,uda lehorra datorrela esan baitute eta gure bizitzako elementurik garrantzitsuenetariko bat da, garrantzizkoena ez bada. Inoiz ez dakigu zer gertatuko zaigun,eta uraren arazoa konponezina den ala esan ezin dugu esan. Naturari bere lekua eta bideak kendu ez zaizkiola argi eta garbi geratu behar zaigu. Non daude etxeak eraikita,eta hiru pisu beherantz eginda dauden garajeak? Eta erreka pasatu behar zen lekutik beheko solairuan eraikita dauden etxeak? Norena da errua, txarto eginda daudelako? egin behar ez ziren lekuak eraiki zirelako? ala azken unean eman zuelako abisua Meteorologia zerbitzuak udalei? Faktore asko dago hor; klima guztiz aldatu da, eta azken finean guk jasoko eta jasango ditugu ondorio horrek. Sorpresak edonoiz etortzen dira,izenak berak duen esanahiak esaten duenez, baina gu gizakiok, alde handiarekin errudun nagusienak gara natura ez dugulako behar bezala zaintzen eta hondamendia dagoenean orduan ohartzen garelako. Gure esku dago,gure iturria zaindu behar dugu, eta sorpresekin argi ibili!


Egongo ote da Athletic-en eta Errealaren arteko derbirik hurrengo denboraldian?

Asteazkena eka 4, 2008
Iritzi da denboraldi amaiera eta badirudi azken partiduan erabakiko direla gauzak bigarren maila. Alaves-ek Ferrolen kontra batera berdindu ostean indarrez jokatu beharko du igandean Errealaren kontra irabazteko eta jaitsiera behingoz ahazteko.
Beste alde batetik Errealak ezin izan du Anoetan Salamanca taldeari irabazi eta Alavesen kontra jokatzen dute igoera. Onartu beharra dago  Erreala amaierararte gogor lan egin duela 2. mailako goiko postuetan egotera ailegatzeko.
Imaginatzen dut askok alaituko direla Erreala igotzen badu baina pena bat litzateke Alaves bezalako talde bat,1. mailan talde bat baino gehiagori kalitatez irabazi zuenak, igandean Errealaren kontra galduta jeistea.
Alaves taldea Bilbon Athletik-en kontra primeran portatu da elkarrekin jokatu dituzten partiduetan eta Errealaren jarraitzaileak kristorenak egin zituzten San Mamesen. Esan beharra dago gorrotatzen gaituztela Athletik-en jarraitzaileei eta noski gure taldeari, horregaitik Bilbotik nire indar guztiak bidaltzen dizkiot Alaves taldeari eta nire desiorik onenak Errealari igandean kalitatez irabazteko, ez dutelako jeitsiera merezi, eta oraindik goiz da Athletik-en eta Errealaren arteko derbia  ikusteko.
Aupa Alaves!! Irabaztera eta ea 2010-2011. denboraldian 1.mailan ikusten zaitugun!!!
Athletik-en jarraitzaile bat.

Askatasuna, hitz hori

Astelehena mai 26, 2008

Gaur egungo demokrazietan, ez du inork askatasunaren eskubidea auzitan jartzen: prentsa askatasuna, adierazpen askatasuna, kultu askatasuna… Baina “askatasun ” hitzari esanahia barrutik hustu diogu, edo esanahi hori luzatu, eta hitza ardura gabe eta berekoikeriaz ari gara erabiltzen.

Gizabanakoaren eskubidea gainerako gizabanakoen askatasunarekin bateraezina da, eta hor dago muga.

Behin hausnarketa txiki, nabari, baina beharrezko hori egin eta gero, har dezagun gure hizkuntza gogoan, har dezagun euskara. Azken aspaldian, badirudi zenbait guraso euren seme-alabak gaztelaniazko hizkuntza ereduetan matrikulatzeko askatasuna aldarrikatzen ari direla. Gauzak horrela, guraso horiei galdera batzuk bota beharko genizkieke: gizarte elebidunetan benetan sinesten al dute? Elebitasuna onuragarria dela uste al dute? Gizarte elebidun batek soilik berma ditzakeelako herritar guztion eskubideak, eta elebitasuna bermatzen duen hezkuntza sistema bakarrik izango da hezkuntza sistema arduraduna, guztion eskubideak ahalbidetuko dituena.

Zer nahiago? Gurasoen askatasuna ala seme-alaben askatasuna egoerak egoera zein hizkuntza erabiliko duten erabaki ahal izateko? Gurasoen ardura da seme-alaben ongizatean eragingo duen hezkuntza mota aukeratzea, eta euren seme-alaben askatasuna gogoan izan behar dutena.

Guztiok baldin badaukagu gaztelania ala euskara erabiltzeko eskubidea, arduratsu jokatu behar dugu, eta hizkuntza biak erabiltzeko eskubide hori bermatuko duen gizarte egoeraren alde lan egin behar izango dugu . Helburu hori egiazko elebitasunarekin etorriko zaigu bakarrik, euskara edo gaztelania zonaldeak zonalde indartuko dituen hezkuntza sistema batekin, hizkuntza bien ikaskuntza bermatuko duen sistema. Horrela bakarrik gauzatu ahal izango da gure askatasuna.

Baina hezkuntzaz jardutea ez da nahikoa, Herri Administrazioaren egoera aztertzea ere behar-beharrezkoa da, egoera hori bereziki kezkagarria baita askatasunaren defentsaren gidari santu batzuentzat.

Administrazioan euskara inposatu egiten da ”; “euskararen inposaketarekin, zenbat profesional handi geratuko ote da bidean? ”; “euskarari doktoretza bati baino balio handiagoa ematen zaio oposaketetan ”; “espainiar estatuko edozein herritarrek estatuko edozein oposaketara aurkezteko aukera berberak izan behar ditu, eta euskararen inposaketak eskubide hori urratzen du ”, etab. Esaldi horiek guztiak, eta antzekoak, seguru asko behin baino gehiagotan entzun izan ditugula, baina ez dute askatasuna defendatzen, ez horixe, esaten dituenaren interesen defentsa baino ez dira, berekoikeriaz beterik dauden esaldi ustelak .

Herri Administrazioa ez da EIN edo INEMen bulegoa, Herri Administrazioa ez da guztioi lanpostu finkoa emateko sortua dagoen erakundea, hori ez da Administrazioaren ardura . Administrazioa herri zerbitzuak kudeatzeko erantzukizuna duen erakundea da, eta luzapenez, herritarroi behar den moduko zerbitzua bermatu behar digun erakundea, herritar guztioi hain zuzen ere.

Hortaz, gizarte elebidun baten, bi hizkuntza ofizial dagoen gizarte baten, Administrazioaren erantzukizunetako bat erabiltzaileon hizkuntza eskubideak bermatzea da, euskaraz zein gaztelaniaz hartuak izateko eskubidea, norbera bere hizkuntzan, edo norberak erabakitzen duen hizkuntzan . Eta Administrazioaren langileek euren lana nahikotasunez betetzeko prestakuntza izan behar dute, baita herritar orori berdin erantzutekoa ere, euskaldunoi zein euskaldunak ez direnei.

Egia da, bigarren mailako herritarrik ez du egon behar, eta guztiok eduki behar ditugu eskubide eta askatasun berberak. Horregatik, egiazko elebitasunaren defentsa egin behar dugu, uste osoz . Ez diogu inori ukatzen euskara ikasteko eskubidea, ondorioz, edonork aukera berdintasuna dauka edozein lanpostu lortzeko. Inori ez zaio gaizki iruditzen enpresa batek euren hautagaiei ingelesa edo frantsesa eskatzea, horretan ez du inork inposiziorik ikusten. Administrazioa ez da desberdina, enpresa publikoak bere baldintzak jartzen dizkio hautagaiei, eta baldintza horiek herritar guztion berdintasuna bermatzeko pentsatuta daude, herri honetako erabiltzaileon askatasuna bermatzeko hain zuzen ere.

Hitzaurrean esaten nuenez, egiazko elebitasunaren alde egin dezagun, aitzakiak eta interes indibidualak alde batera utzita. Askatasuna dago jokoan, arduraz jokatzea da gakoa.

Ugaitz Zabala
EGIren Aberri Batzordeko kidea


“AHT-ren kontra nau”

Asteartea mai 20, 2008

AHT-ren kontra nau ” esaten deusten bakoitzean “badator betiko eztabaida” pentsatu eta betiko galdera egiten deutsat nire hizlariari: “Zergatik? ”. Hitz egin dodan guztiekin erantzun ezberdinak emongo deustezala pentsatu arren, danak gauza bardina erantzun deuste: Durangaldeari egingo deutsen itxura-aldaketa. Azkeneko eztabaida asteburu honetan izan da eta galdera egiterakoak emon eustan erantzuna zera izan zan: “Atxondoko haranean egingo dabenagatik ” “Zer egingo dabe, ba? ”. Ezagutzen dot Atxondoko haranerako prestatuta dagoan proiektua, baina hala bere, galdetzea gustuko dekot ia zer erantzuten deustan jakiteko. “Isiltasuna entzuten da haran horretan eta trena egin ostean ez da gehiago entzungo ” “Zenbatetan joan zara hara (ez da Durangaldean bizi eta) isiltasuna entzutera? ” “Ba, inoiz ez, baina nozbait joan nahi badot, zer? Gainera, nork erabiliko dau? ”. Ez dakie proiektuaren lehenengotariko faseen artean, dagoazan aukera ezberdinen ikerkuntza dagoala eta ondoren danetatik onenadan aukera aukeratzen dala?

Ados, Untzillaitz hustuko dabe, baina beste bide bat aukeratu egiten bada, arazo bardina izango dogu, zeren eta hainbeste maite dogun herri honen mendiak gehien harrotzen gaituen gauzetariko bat da.

Ulertzen dot beren etxea barik geratuko diranak edo etxe ondotik igaroko jakonari grazia handirik ez egitea. Baina beti norbaiteri tokatzen jako. Inork ez dau gura autobiderik etxe ondoan, ezta industriarik. Hori bai, danok gura doguz industriak lanik falta ez dadin, eta norbera bere autoan bertaratzeko, ondo zaindutako gutxienez bi karrildun autobidea.

Beraz, amaitzeko, ia noz hasten garen behar baino gehiago hitz egin aurretik, gai horreri buruz ahalik eta informazio gehien bildu, egiaztatu, eta ezagutzen.