Etorri da Al Gore eta Patxi berriro barregarri

Ostirala urr 24, 2008

Igaro da urriko hirugarren asteburua eta gutxitan ez bezela, honetan ere eztabaidaz beteriko egunak izan ditugu. Ostiral eta larunbateko kalimotxoen artean egunkariei begirada bat botatzean, alderdi sozialistak eta batez ere bere buruzagi den Patxi Lopezek esandako lelokeriak behin eta berriro irakurri behar izan ditugu. Bati baino gehiagori kalimotxoa alde batera utzi eta whisky edo zerbait gogorragoa hartzeko ideia etorriko zitzaion burura, nahiz eta asko eta askori, gehienei egia esan, oharkabean pasako zitzaien gaur egun eta oraindik hauteskundeetarako bost hilabete eskas falta direla, alderdi konstituzionalistek hartu duten bide elektoralista ikusita.

Joku maltzur horretan aipagarria izan da Al Gorek Euzkadira egin berri duen bisitaren ondoren entzun ditugunak. Alderdi Popularraren erreakzioa aipatzea eta eztabaidatzea alperrikakoa da, denbora dexente igaro da, edozelako esperantza galdu genuela alderdi honek egin dezakeen ekarpen positiboren baten esperoan, eta zoritzarrez nahiz eta aurpegiak aldatu otsoak lehengo bidetik darrai; tamalez, denborak berriz ere gure esperantza eza baieztatu baino ez du egin. Baina are larriagoa da PSEek eta Patxi Lopezek hartu duten jarrera gai honen inguruan. Beraien esanetan Euskadin soberan daude nobel saria jaso duen eta mundu guztian zehar (100 bat egunean) hitzaldiak emateko eskariak dituen Al Goreren ekarpenak. Zertarako inor ekarri alderdi sozialistak egia osoaren jabe dela jakinda? Zertarako bilatu natura eta gizarte garapenarenerako bide berriak, Zapatero eta bere taldeak paregabeko konponbideak barra-barra dituztenean? Ulertzen ez dudana da, nolatan ez dioten Patxi Lopezi nobel saririk eman oraindik! Seguruenik hortan ere Ibarretxek edukiko du errua, baina nola konpondu ote da Lehendakari gaizto hau ain argi zegoen saria Patxiren eskutatik aldentzeko?

Gauza bat bai ezin diogu ukatu alderdi sozialistari; alderdi politiko bat izan beharrean antzerki talde bat izango balitz, sari guztiak merezimendu osoz irabaziko lituzke duda barik!

Datu bi baino ez ditut emango, azkenean edan ez nituen whiskyen efektupean artikulu hau idatzi ez nuela baieztatzeko. Patxi Lopezek telebistan funtsik gabeko adierazpenak egiten zituen bitartean, direlako 200.000 euro famatuen inguruan, Al Gore Sevillako alkate sozialistarekin argazkia egiten zegoen emateko zeukan beste hitzaldi baten atarian; hau da alderdi sozialistaren koherentzia! Hauek daukate aurpegia!

Eta zer esan urtero urtero alderdi sozialistak euskal parlamentuan ezer ez egiteagatik kobratzen dituen milaka euroen inguruan? Lopezi galdetu ezkero txikikeria dela baietz esan, inoiz diru kopuru ain handia hobeto erabilia ez dela izan eta Gastezein dauzkagun 18 paregabeko pentsalari sozialistek horrenbeste eta gehiago merezi dutela esango dute! Hauek daukate aurpegia!

Baina lasai, deborak jartzen du bakoitza dagokion tokian, eta asteburu honetan, bizi ditugun momentu zailetatik igarotzeko beste argi txiki bat piztu du gure Lehendakariak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak. Al Gorek ezingo dizkigu gure arazo guztiak konpondu, baina beti izango da positiboa jakintsuenen aholkuei entzutea, herri aurreratu bat eraikitzeko, pertsona ezberdinen ideak entzutea berebizikoa delako. Hori pentsatu izan du gure Euskal Gobernuak eta horrelako gobernua nahiko nuke aurrerantzean ere nire herriarentzat eta ez antzezten oso onak diren alderdi sozialistako kideena.

Leave a Reply

Comment