Gazte eta errebelde!

Ostirala eka 20, 2008

Maitane Leizaola (Deia)

Errebeldeak, protestazaleak, konformagaitzak, berritzaileak, ekimenekoak, prestatuak, anbiziodunak… horrenbeste dira gazteei ematen dizkiguten adjektibo, topiko, betebehar eta debozioak, zorabioa etortzen zaidala.

Alderdi politikoekaz eta beste kontu anitzegaz gertatzen den bezala, denborak aurrera egin ahala badirudi gazteen gaineko irudi desitxuratua sortzeko joera dugula.

Sinestezina da zenbat eskatzen diguten, zenbatetan entzun behar dugun zer egin behar dugun, nolakoak izan behar garen, dauzkagun aukerak, bizi garen moduan bizitzeagatik dugun zortea… baina aldi berean harrigarria egiten zait gizarte kontzientzian orokorrean sorrarazten dugun sinesgarritasun eskasa.

Orain egun batzuk oso jende anitzarekin egoteko aukera izan nuen. Oso adin ezberdineko emakume eta gizonak azken 25 urteotan bizi izandako eboluzioaren gainean mintzo ziren, hurrengo 25 urteetan espero zitekeenaz bezalaxe.

Aukera hori aprobetxatzen saiatu nintzen, jende horrek gazteriaren gainean zuen iritzia ezagutzeko, eta harritu ere egin ninduen gehienek orokorrean gazteriaren gainean oso iri- tzi ezkorra zutela ikusteak, eta, aldiz, solaskideek beren etxekoen borondatea zorrozki nola defendatzen zuten entzutea. "Zorteduna naiz!", zioten, "nire semea, biloba… pertsona onak dira, langileak, etxeko lanak egiten dituztenak, ikasle finak… formalak". Bizipen pertsonal onak dituzte, baina, hala eta guztiz ere, gazteriak orokorrean sorrarazten dien iritzia negatiboa da positiboa baino.

Guzti hori, gure gizarte honetan bizi dugunaren isla da. Topiko negatiboetarako joera dugu. Ziurrenik, beste eremu batzuetan gertatzen den moduan, gazte talde batzuk jarduera negatiboei, suntsikorrei, tolerantziarik gabekoei… uztarturik agertzen direlako izango da, eta euskal gazteriaren irudia bere egiten dute.

Seguraski hedabideek gazteriari emaniko tratamendua ez da laguntza handikoa, baina hori logikoa da, eskandalua, sentsazionalismoa eta morboa bakarrik albiste diren gizartean bizi garelako.

Aitzitik, egia da modu berean gu garela, gizarte masa gazte handia dala, neurri baten, hori gertatzea ahalbidetzen dugunak. Parte-hartzerik ez dugula, guztiaz paso egiten dugula, gertatzen denaren gainean interesik ez dugula, esku hartzen ez dugula esaten dutela… onartzen dugu, nahiz eta errealitatea beste bat izan.

Boluntario gehienak gazteak dira. Egunero boluntario eran jarduera ezberdinetan beren denbora libre gehiena jartzen duten gazteak ezagutzeko aukera dut; aisialdiko begiraleak dira, udalekuak antolatzen dituzte, kanpamenduetako arduradunak dira, beren auzoetako bizitza dinamizatzeko jardueratan murgildurik dabiltza, eskolako curriculumetik kanpo hezkuntza lanetan parte hartzen dute, eta garatzeko bidean dauden herrialdeetan laguntza proiektuetan laguntzen dute. Itzalean egiten diren lanak dira, propagandarik gabe, eta ziurrenik ez ditugu behar bezala balora-tzen, faltan botatzen diren arte. Positiboak izan arren, ohikotzat jotzen dugun guztiarekin gertatzen den moduan.

Eremu birtuala blogez, foroz, txatez, eta abarrez josita dago, azken batean, batez ere gazteek esku hartzen duten iritzi eta partehartze eremu berriez. Artearen eta kulturaren abangoardian gazte baliotsuak daude, eta Euskadiko ekimenen tasa goraka doa, funtsean gazte askoren ekimenari esker.

Ondorioz, ez da egia gazteek parte hartzen ez dutela. Hobe litzateke esatea interesgarri zaien horretan parte hartzen dutela. Horrexegaitik gizarteak ezin ditu bere lehentasun eskalara behartu. Interesak, formak, moduak, edukiak eta estetika, guztia da liluragarria eta anitza gizarte gazteaz hitz egiten dugunean.

Euskal gizarteak ezin du onartu hitzaren indarra aldarrikatu arren, unibertsitate publikoaren egoitza hondatzen duten horiekin, edota botiloia egiten dutenekin edota zaborron-tziak erretzen dituzten horiekin identifika- tzea bere gazteak. Errealitate hori ezin da ukatu, baina garrantzitsuagoa den beste bat ere bada, ugariagoa, ekoizpen handiagokoa eta nabarmenki baliotsuagoa: Hain zuzen ere, zorionez, gazteriak errebelde izaten jarraitzen duela, parte-hartze modu tradizionalen aurka egiten duela, klixeetatik ateratzen dela eta ezarri nahi dieten uztaitik igarotzeari ezezkoa ematen diola.

Gazteak originalak dira, bai funtsean zein formetan, eta hori da etorkizuna eraikitzeko orainari, egunez egun, begi kritikoaz begira-tzen dion giza talde honen aberastasunik handiena.

Errebeldeak, konformagaitzak, originalak, errebindikazio zaleak… gara; besterik gabe, gazteak gara.

Leave a Reply

Comment