Askatasuna, hitz hori
Posted by bizkaitarra | Under Iritzia Astelehena mai 26, 2008Gaur egungo demokrazietan, ez du inork askatasunaren eskubidea auzitan jartzen: prentsa askatasuna, adierazpen askatasuna, kultu askatasuna… Baina “askatasun ” hitzari esanahia barrutik hustu diogu, edo esanahi hori luzatu, eta hitza ardura gabe eta berekoikeriaz ari gara erabiltzen.
Gizabanakoaren eskubidea gainerako gizabanakoen askatasunarekin bateraezina da, eta hor dago muga.
Behin hausnarketa txiki, nabari, baina beharrezko hori egin eta gero, har dezagun gure hizkuntza gogoan, har dezagun euskara. Azken aspaldian, badirudi zenbait guraso euren seme-alabak gaztelaniazko hizkuntza ereduetan matrikulatzeko askatasuna aldarrikatzen ari direla. Gauzak horrela, guraso horiei galdera batzuk bota beharko genizkieke: gizarte elebidunetan benetan sinesten al dute? Elebitasuna onuragarria dela uste al dute? Gizarte elebidun batek soilik berma ditzakeelako herritar guztion eskubideak, eta elebitasuna bermatzen duen hezkuntza sistema bakarrik izango da hezkuntza sistema arduraduna, guztion eskubideak ahalbidetuko dituena.
Zer nahiago? Gurasoen askatasuna ala seme-alaben askatasuna egoerak egoera zein hizkuntza erabiliko duten erabaki ahal izateko? Gurasoen ardura da seme-alaben ongizatean eragingo duen hezkuntza mota aukeratzea, eta euren seme-alaben askatasuna gogoan izan behar dutena.
Guztiok baldin badaukagu gaztelania ala euskara erabiltzeko eskubidea, arduratsu jokatu behar dugu, eta hizkuntza biak erabiltzeko eskubide hori bermatuko duen gizarte egoeraren alde lan egin behar izango dugu . Helburu hori egiazko elebitasunarekin etorriko zaigu bakarrik, euskara edo gaztelania zonaldeak zonalde indartuko dituen hezkuntza sistema batekin, hizkuntza bien ikaskuntza bermatuko duen sistema. Horrela bakarrik gauzatu ahal izango da gure askatasuna.
Baina hezkuntzaz jardutea ez da nahikoa, Herri Administrazioaren egoera aztertzea ere behar-beharrezkoa da, egoera hori bereziki kezkagarria baita askatasunaren defentsaren gidari santu batzuentzat.
“Administrazioan euskara inposatu egiten da ”; “euskararen inposaketarekin, zenbat profesional handi geratuko ote da bidean? ”; “euskarari doktoretza bati baino balio handiagoa ematen zaio oposaketetan ”; “espainiar estatuko edozein herritarrek estatuko edozein oposaketara aurkezteko aukera berberak izan behar ditu, eta euskararen inposaketak eskubide hori urratzen du ”, etab. Esaldi horiek guztiak, eta antzekoak, seguru asko behin baino gehiagotan entzun izan ditugula, baina ez dute askatasuna defendatzen, ez horixe, esaten dituenaren interesen defentsa baino ez dira, berekoikeriaz beterik dauden esaldi ustelak .
Herri Administrazioa ez da EIN edo INEMen bulegoa, Herri Administrazioa ez da guztioi lanpostu finkoa emateko sortua dagoen erakundea, hori ez da Administrazioaren ardura . Administrazioa herri zerbitzuak kudeatzeko erantzukizuna duen erakundea da, eta luzapenez, herritarroi behar den moduko zerbitzua bermatu behar digun erakundea, herritar guztioi hain zuzen ere.
Hortaz, gizarte elebidun baten, bi hizkuntza ofizial dagoen gizarte baten, Administrazioaren erantzukizunetako bat erabiltzaileon hizkuntza eskubideak bermatzea da, euskaraz zein gaztelaniaz hartuak izateko eskubidea, norbera bere hizkuntzan, edo norberak erabakitzen duen hizkuntzan . Eta Administrazioaren langileek euren lana nahikotasunez betetzeko prestakuntza izan behar dute, baita herritar orori berdin erantzutekoa ere, euskaldunoi zein euskaldunak ez direnei.
Egia da, bigarren mailako herritarrik ez du egon behar, eta guztiok eduki behar ditugu eskubide eta askatasun berberak. Horregatik, egiazko elebitasunaren defentsa egin behar dugu, uste osoz . Ez diogu inori ukatzen euskara ikasteko eskubidea, ondorioz, edonork aukera berdintasuna dauka edozein lanpostu lortzeko. Inori ez zaio gaizki iruditzen enpresa batek euren hautagaiei ingelesa edo frantsesa eskatzea, horretan ez du inork inposiziorik ikusten. Administrazioa ez da desberdina, enpresa publikoak bere baldintzak jartzen dizkio hautagaiei, eta baldintza horiek herritar guztion berdintasuna bermatzeko pentsatuta daude, herri honetako erabiltzaileon askatasuna bermatzeko hain zuzen ere.
Hitzaurrean esaten nuenez, egiazko elebitasunaren alde egin dezagun, aitzakiak eta interes indibidualak alde batera utzita. Askatasuna dago jokoan, arduraz jokatzea da gakoa.
Ugaitz Zabala
EGIren Aberri Batzordeko kidea