Euzko Gaztedi: “Erabat harro gaude pentsatzen dugu moduan pentsatzeaz eta jarduten dugun moduan jarduteaz”
Posted by bizkaitarra | Under Barriak Asteazkena abu 22, 2007Euzko Gaztedik, EGIk, Gogorregiren txosnaren kontra atzo gauean egindako erasoa salatu du. EAJko gazteek esan dute Aste Nagusiak ez duela merezi horrelako gertakaririk, eta Gogorregi Konpartsak eskatu du ideologia guztientzako adierazpen askatasuna errespetatzea. «Era berean, Aste Nagusia antolatzen duten erakunde eta parte-hartzaile guztiek, guk geuk barne, salatu egiten dugu aipatutako erasoa», jakinarazi dute.
Gogorregiko konpartsazaleek adierazi dute, jasotako mehatxuak mehatxu, beren ideien alde lan egiten jarraituko dutela, eta ez inork ez ezerk ezingo duela beren helburuak lortzea galarazi.
«Erabat harro gaude pentsatzen dugun moduan pentsatzeaz eta jarduten dugun moduan jarduteaz, eta lotsatu egiten gara, abertzale garen aldetik, gure herriaren, Euzkadiren, izena gaueko intimidazio ekintzek zikintzea. Izan ere, ekintza horiek egiten dituzten taldeak izugarrizko martxa azkarrean ari dira galtzen sekula ere erakusteko gauza izan ez diren errespetua», gaineratu dute.
«Festa giroa beti izan da, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, norberaren aldarrikapenentzako bozgorailu paregabea. Hori dela eta, Gogorregi Konpartsa Abiadura Handiko Trenaren alde agertu da, gure herriaren independentzia ez baita zehaztapen politikoez bakarrik osatzen, bai eta buruaskitasun ahalmenaz eta inguruko munduarekin komunikatuta egoteaz ere», jakinarazi dute.