Ezetz jakin zergatik?
Posted by bizkaitarra | Under Iritzia Astelehena mar 26, 2007Urtarrilaren 31kako agerraldia nahikoa izan ez zalakoan Martxoaren 26an barriro Ibarretxe Lehendakariak auzipetu gisa deklatratu behar dau EAEko Auzitegi Nagusian. Zein da Ibarretxe Lehendakariak egindako legehaustea?
Bake prozesuaren barruan etika demokratikoaren izenean eta bere gain gizartearen aginduz Bakea lortzeko helburu bakarrarekin, hartu dauan betebehar instituzionalaren izenean jorratutako elkarrizketa da sasiprozesu honen oinarri bakarra. Zein legedik azaltzen dau elkarrizketaren legez-kanpokotasuna? Zein da auzitegi honen ekimena sustentzen dauan argudio juridikoa? Ez dago. Hainbeste aldiz aipatutako “alderdien legeak” ez dau inundik eta inora ere une honetan epaitzen dan aurrekaria arautzen. Are gehiago, legearen azterketa eta interpretazioa burutzerakoan Espainiako Auzitegi Gorenak, inoiz gai honen inguruko jarrera agertu dau auto bidez zera adieraziz: legez kanpoko alderdiarekin izandako bilerak onartuta dagoz, beti ere, bilera horreen “berariazko” debekua ez badago.
Tesi berbera agertu izan dau estatuko fiskal nagusiak ere. Horretaz gain, epai honen eta gure historia politiko gertuenaren aurrekariak aztertuz, kontraesan deigarriak aurkitu daikeguz. Izan ere, Alderdi Politikoen legea onartu zanetik Batasuna edota nolanahi izendatu daitekeen Ezker Abertzalearekin biltzea auzipetua izateko oinarri izan baldin badaiteke ere, erakunde armatu eta terrorista dan ETArekin bildu eta elkarrizketatzeak ez dau inolako delitua uste. Izan ere Espainiako Gobernuan ardurak izan dabezan estatuko bi alderdi nagusiek erakunde armatuarekin guztiok ezagun doguzan batzarrak egin izan dabez inolako erantzukizun judizialik jasan gabe. Orduan, zertan dihardute EAEko Auzitegi Nagusia eta prozedura hau sustatzen dauan “Foro de Ermua” dalakoak? Argi berba egin daigun: kontua ez da ustezko delitu baten epaiketa baizik eta Demokrazian inoiz ezagutu izan dan Euskal Erakundeekiko erasorik bortitzenaren aurrean gagozala.
Jarduera politikoaren judizializazioak euskal gizartearen egon ezina eta haserrea sortzen dau; eremu politikoan bizi dan tentsioa gizarteratu egiten dalarik Errepublika garaian aurretik eta Frankoren diktaduraren ondorioz jasandako exilioan ondoren, Agirre Lehendakariak Euskal Erakundeen defentsan irmotasun sutsua agertu eban. Herriak hautatutako ordezkari zan neurrian euskaldunen ongizate sozial, politiko eta ekonomikoa bilatzen sustatu beharreko bide guztiak gauzatuz; beti demokraziaren oinarri izan behar dan erakunde guztien arteko elkarrizketa suspertuz. Ordutik, Jose Antonio Agirre, Jesus Maria de Leizaola, Karlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak, herri honek miñez sortu eta babestutako autogobernuaren erakusgarri izan dira. Pertsona legez merezi daben errespetutik at, gure erakundeen ordezkari legez dagokien babesa ta mirespena zor deutsegu.
Urteak joan eta urteak etorri, hainbat aldiz aipatzen dan demokrazia bedeinkatu honetan, tamalez gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Gure ordezkariek, diktadura garaian exilioan jorratu behar izan ebezan euren eginkizun politikoak kartzelaratzea ekiditzeko; gaur egun ordea, Ibarretxe Lehendakariak bere eginkizunen gauzatzean agertutako irmotasuna eta balentriagaitik bere burua auzipetua ikusi dau.
Gure erakundeekiko eraso eta jazarpena berbera barik gogorragoa ez ote da? Demokrazia zertan datza ba? Ideien adierazpenari eta jarduera politikoari babesa emoten ez badeutso, ze motatako demokrazia da esku artean daukaguna? Oinarri juridikorik gabe, justiziaren politizazioa onartuz, erakundeen arteko errespetuari eta botere banaketari so eginez, erakunde eta pertsonen arteko elkarrizketa legez kanpotzeari men egiten deutsagun egunean, gure arteko ulermenari uko egiten deutsagun neurrian, gure gizartearen etorkizunari berari uko egingo deutsagu. Halandabe euskal gizarteak heldutasun nahikoa badauka egoera tamalgarri honetan, bihotza bero eta burua hotz mantenduz bihotz-miñez lortutako erakundei zor deutsegun babesa agertzeko. Hori da gaur barriro, hemen, Lehendakariarekin bat egoteko arrazoia. Ez da kontu makala!