Bakea eta Burujabetza

Asteartea ots 20, 2007

Gure herria aspalditik bi kalte pairatzen ari da: bortizkeria eta burujabetza eza. Gaur, Euzkadi dugu kalte hauetako bat konpontzeko prozesu batean sartuta, denok bagaude prozesu honetan sartuta, eta oraindik ez dakigu zelan bukatuko den.

Hala ere, gauza bat izan behar dugu argi: bake prozesuaren emaitzak ezin du gure herriarentzat nahi dugun marko politikoa baldintzatu, bortizkeria hasi zen baino lehenagotik jasotzen ari garen egoeraren konponketa kondizionatu.

Zoritxarrez, bizi izan ditugun esperientziak kontuan hartuz, jakin badakigu Madriletik saiatuko direla arazo batekin biak konpontzen, bakearekin bat, dena amaitutzat ematen. Hona hemen, abertzale bezala, gure lan egiteko esparrurik garrantzitsuena: ezin ditugu gure helburuak bidetik galdu, izan ere, Espainia eta Frantziatik saltzen zaigun erosotasunean erortzen bagara, akabo euskal nortasuna, akabo Euzkadi libre izateko aukera.

Behin baino gehiagotan entzun dut bakea lehentasuna dela, erabat ados; bake barik ez dago nazio – eraikuntzarik, independentzia lortzeko tresna dena, ez dago bizitzerik. Bestalde, hadi egon behar gara, lantzen ari garen helburua, nahia eta pasioa ahazteko arriskua dago ta.


Beraz, noizbehinka gogoratu behar dugu, une hauetan bakea ezinbestekoa izanez, ez dela, horra hor, gure trenaren bidea amaitzen, eta honen ildoan, aritu behar dugu.

Aitortu behar da ere, gaur egungo egoera politikoa ez dela batere erraza, eta urte honen hasieran ikusi ahal izan dugu: alde guztietatik jaso ditugun presioak nabarmenak izan dira, eta izaten jarraituko dira. Hau dela eta, gaur inoiz baino argiago izan behar dugu zein den abertzale eta jeltzale garen zergatia: gure Euzkadiren nortasunaz, bake-bakean, gozatzea; gure Euzkadiren burujabetza; gure Euzkadiren independentzia.

Guzti hau lortzeko, EAJ – PNV eta Euzko Gaztedi beti izan dira medio, eta medio izaten jarraitu behar dugu. Bat bagara orain, bat izango gara bihar. Bakea eta burujabetza. Euzkadi.

Gora Euzkadi askatuta!

Leave a Reply

Comment